IKASTETXEEN MUNDUKO XAKE TXAPELKETAKO EUROPAKO FASEA
(2026ko irailaren 29tik urriaren 2ra, Armeniako Tsaghkadzor herrian)
SAN FERMIN IKASTOLA HAMABIGARREN, MUNDUKO TXAPELKETAKO EUROPAKO FASEAN
2026ko irailaren 29tik urriaren 2ra jokatu zen Ikastetxeen Munduko Xake Txapelketako Europako Fasea, Armeniako Tsaghadzor herrian. 45 minutuko zortzi partida izan ziren, gehi 10 segundo jokaldiko. Xake azkarra jotzen da hori, ordu bat baino denbora gutxiagoko partidak direlako.
Tsaghkadzor herriak 1.256 biztanle zituen 2011. urtean. III. mendetik ezaguna da Armeniako toki hau. Egun mendiko turismoarengatik nabarmentzen da. Eski estazioa badauka.
Lehenengo hiru taldeek abenduko Final Handian parte hartzea ziurtatu zuten. Hau da: Gymnasium No. 50 of Minsk (Bielorrusia), Riga State Gymnasium No. 1 (Letonia) eta LEPL Georgia, Kutaisi Andria Razmadze Physico (Georgia).
Zizur Txikian dagoen San Fermin Ikastolak ere parte hartu zuen txapelketa honetan. Merituak egin behar izan zituen horretarako.
San Fermin Ikastola izan zen Ikastetxeen eta Institutuen Nafarroako VII. Txapelketaren egoitza. 12 urtez azpikoan 84 talde aritu ziren. San Ignacio lehenengoa izan zen 16 puntuz eta San Fermin Ikastola bigarren 15 puntuz. Biak sailkatu ziren Espainiako Txapelketarako. Hor Espainiako txapeldun bihurtu zen eta horrela hasi zen bere bidea Armeniarantz. San Ignacio bigarren geratu zen puntu berberekin (beraz, goi-goian geratu ziren bi talde nafarrak).
24 orduko hegaldia izan zen. Minez iritsi ziren jokalari batzuk, baina iritsi ziren.
Munduko Txapelketako Europako Fase honetan 27 ikastetxe ziren, denak egindako merituen ondorioz sailkatuak. Eliteko txapelketa zen, zalantzarik gabe. San Fermin Ikastolak postu ona lortu zuen: Hamabigarrena. Ona da, Europako Ekialdeko herriek maila handia dutelako xakean eta eliteko txapelketa batean erditik gora geratzea zaila delako.
San Fermin Ikastola galtzen hasi zen (3-1 Estoniako Tallinnaren aurka). Gainontzeko 7 neurketetan 3 garaipen, 3 berdinketa eta porrot bakarra izan zituen. Poloniako Azymut Szkola 3-1 garaituta amaitu zuen txapelketa.

Beraz, Julen Arbizu Catalan izan zen taldeko xakelaririk onena. Horren ondorioz, zilarrezko domina lortu zuen jokalari ordezkoen artean. Elite mailako txapelketa batean 7 partidatan 5 puntu eskuratzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez horixe.
Asier Urretavizkaya da jokalari horien monitorea. Ordu eta erdiko bizpahiru saio dute astean. Nazioarteko Maisu bat ere kontratatu zuten txapelketa honetarako, prestakuntzaren osagarri. San Fermin Ikastolan xakean 90 ikasle daude, hor xakeak duen arrakastaren erakusle.
AZKENEKO SAILKAPENA, ZORTZI TXANDA JOKATU ONDOREN
- Gymnasium No. 50 of Minsk (Bielorrusia) – 16 puntu.
- Riga State Gymnasium No. 1 (Letonia) – 14 puntu.
- LEPL Georgia, Kutaisi Andria Razmadze Physico (Georgia) – 11 puntu.
- Green Village School (Israel) – 10 puntu.
- “Mkhitar Sebastatsi” Educational Complex (Armenia) – 10 puntu.
- Yerevan’s basic schoolN 77 (Armenia) – 10 puntu.
- Sint-Pietersinstituut – Turnhout (Belgika) – 10 puntu.
- C.N.”Costache Negruzzi (Errumania) – 9 puntu.
- Tallinna Tonismae Reaalkool (Estonia) – 9 puntu.
- Osnovna sola Bojana Ilicha Maribor (Eslovenia) – 9 puntu.
- OS Spansko Oranice (Kroazia) – 9 puntu.
- San Fermin Ikastola (Nafarroa, Euskal Herria) – 9 puntu.
- Ayntap secondary school N 1 (Armenia) – 8 puntu.
- ZS Wolkerova Bardejov (Eslovakia) – 8 puntu.
- Balmazujvarosi Reformatus Altalanos Iskola (Hungaria) – 8 puntu.
- Mathematical Grammar School (Serbia) – 7 puntu.
- Çerkezköy Çozüm Akademi ilkokulu (Turkia) – 7 puntu.
- Huygens Lyceum (Herbehereak) – 7 puntu.
- Azymut Szkola Podstawowa Fundacji Sternik (Polonia) – 7 puntu.
- Naum Naumovski Borche (Ipar Mazedonia) – 6 puntu.
- The Britush School of Kosova (Kosovo) – 6 puntu.
- Tasen skole (Norvegia) – 5 puntu.
- De la Salle College (Malta) – 5 puntu.
- Istituto Salesiano Don Bosco (Italia) – 5 puntu.
- Vesturbaejarskoli (Islandia) – 4 puntu.
- The International School of Paphos (Zipre) – 4 puntu.
- Privates Gymnasium Sacre Coeur Wien (Austria) – 3 puntu.